NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK:

ORRIALDEAREN EDUKI NAGUSIA:

Urgullen magalean. Donostiako estanpak

Erakusketa honetan aurkezten diren grabatu eta piezek Donostiako Urgull mendiaren protagonismoa erakusten dute, hiriaren eraldaketa eta bilakaera historikoaren lekuko. Horietako gehienak, San Telmo Museoarenak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira (Euskal Itsas Museoa, Zumalakarregi Museoa eta Koldo Mitxelena Kulturunea), eta batez ere Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Zentroan, kontserbatzen den ondare garrantzitsuaren aukeraketa bat dira.

Erakusketa museoko aretoetan bisita daiteke, eta orain baita ere 360º gigapixel bisita birtualaren bidez.

Bisita birtuala


  • 2020ko urriak 10 - 2021eko maiatzak 2
  • Museoko bazkideentzako irekiera urriaren 9an.
  • Asteartetik igandera, 10:00-20:00.
  • Sarrera: 6 €
  • Bisita gidatuak
St. Sébastien (Guipuscoa), 1823 – 1824. C. Le Camus. Litografia
Sanct. Sebastianum... XVI. Joris Hoefnagel. Grabatu koloreztatua.
Saint Sebastien, Saint Sebastian, 1826 – 1832. Justin Taylor. Grabatu koloreztatua

Donostia XVI. mendean Urgull mendiaren babesean sortutako hiribildu txiki gisa dago irudikatuta, itsasoz eta hareatzez inguratuta. Ordutik XIX. mendearen amaierara arte, Urgull mendia bertakoek eta atzerritarrek hiriari buruz egiten dituzten irudikapenen protagonista da, defentsarako gotorleku bezala betetzen duen paperak hiribilduaren nortasuna eta garapena markatzen baititu.

Grabatua lau mende baino gehiagoz izan zen Europan irudiak modu masiboan zabaltzeko zegoen bide bakarra; zurezko, metalezko edo harrizko xafla baten gainean marrazki bat grabatzeko eta ondoren paper gainean estanpatzeko teknikak irudi anitz eta berdinak erreproduzitzeko aukera eman zuen XIX. mendearen amaierara arte, garai horretan argazkigintzaren agerpenak egoera hori aldatuko duelarik.

Irudi horiek pentsamenduaren hedapenerako tresna garrantzitsu bihurtu ziren; liburuak eta argitalpenak ilustratzea izan zuten helburu nagusi, nahiz eta adierazpen artistikorako modu bat ere izan ziren.

Erakusketak sei atal ditu (Lehenengo irudikapenak, Bidaia erromantikoa, Gerra-garaiak, Hiria hazten, Eguneroko bizitzako estanpak, Udaldia eta Grabaketa tailerra), eta horietan 80 bat grabatu erakusten dira, XVI. mendetik XIX. mendera bitartekoak, azken horrek garrantzi berezia duela.

Gainera, erakusketan zehar hainbat interesgune sortu dira, fokuak eta lupak. Alde batetik, fokuek atal bakoitzean bertan lantzen den gaiaren aspektu bati buruz hitz egiten dute: emakume bidaiariak, militarrak eta ilustratzaileak, bideko bizitza... Bestalde, lupek grabatuen xehetasun gehiago ematen dituzte, bereziki interesgarriak, anekdotikoak edo beste arrazoiren batengatik arreta merezi dutenak.

Grabaketa tailerra

Erakusketaren azken atalean  grabatu-teknikak (serigrafia, kalkografia, xilografia eta litografia) ezagutzeko aukera izango da. Horretarako Jose Luis Noain grabatzaileak lagatako lanerako materiala dago ikusgai: torkulua, plantxak, gubiak, burilak, tintak eta gidak. Gainera, museoak lau artista garaikide gonbidatu ditu Donostia eta paisaia ardatz dituen proiektua garatzera. Artista horiek, Mikel Ruiz Pejenautek, Xare Alvarezek, Ainize Txopiteak eta Julen Agirrek, erakusketak zabalik zela, paisaiari eta Donostiari buruzko sorkuntza-proiektu bat garatu dute. Emaitza, teknika ezberdinekin egindako lau grabatu dituen karpeta, Donostiako 6 galeriatan dago salgai: Altxerri,Arteko Gallery, Arteztu, Gallery, Cibrián Gallery,Ekain Arte Lanak,Kur Art Gallery.

 

Hauek dira lan horiek:

XARE ÁLVAREZ (Donostia, 1990), Kalkografia

Xare Alvarez, kalkografia

Kalkografia matrizea metalikoa duen teknika grafikoa da. Kobrea edo zinka punta edo burilen bidez eragiten da zuzenean, edo irudia azidoz grabatzen da.
Hozkailuekin lan egiten bada, zer baliabide grafiko mota behar den kontuan hartuta, plantxa berniz, laka edo erretxinekin babesten da. Grabatu ondoren, plantxako ebakiduretan tinta sartzen da eta kontu handiz garbitzen da tarlatana batekin. Paperean estanpatzen da, torkulu baten presioaren bidez.

Xare Alvarezek gofratu bat egin du (tintarik gabeko erliebea), kobrezko xaflan sakonera maila desberdinetako hozkaden bidez egina, eskuz egindako  Eskulan paperekin sortutako konposizio batean, eta 300 g-ko Somerset Velvet White paper gainean muntatuta eta josita. Plantxa eta estanpak La Tallerren egin dira.

MIKEL R. PEJENAUTE (Zumarraga, 1990), Xilografia

Mikel R. Pejenaute, xilografia

Xilografia zurezko xafla matrize gisa erabiltzen duen grabatu teknika da. Irudia gubia edo burilekin tailatuz lortzen da.  Emaitzazko erliebea arrabol batekin tintatzen da eta paperean inprimatzen da prentsa lau batek egiten duen presioaren bidez.

Mikel R. Pejenautek xilografiari heldu dio laser ebakia duten bi xafla zizelkatuz Ilustratorrekin sortutako artxibo batetik abiatuta. Plantxek bi irudi berdin dituzte eta kolore ezberdinetan estanpatzen dira 300 g-ko Somerset Venvet White paperean.
Plantxa Bilbaoarten prozesatu da eta estanpak La Tallerren egin dira.

AINIZE TXOPITEA (Donostia, 1977), Serigrafia

Ainize Txopitea, serigrafia

Serigrafia edo pantailaren matrizea bastidore baten gainean tenkatutako nylonezko oihal bat da. Jatorrian, zeta, sare bezala erabili zen, eta hortik dator bere izena: sericum (zeta, latinez) graphe (idatzi, grezieraz). Irudia egiteko, sare-irazkia bernizekin obturatzen da zuzenean edo emultsio fotosentikorrekin. Tintak buxatu ez diren eremuak zeharkatzen ditu. Pantaila bisagrekin edo bernoekin finkatzen da mahai batera, eta papera pantailaren azpian jartzen da. Tinta sarearen bidez pasarazten da kautxuzko edo latexezko arraspaz egindako eskuzko presioaren bidez.

Ainize Txopiteak koloretako serigrafia egin du 300 g-ko Somerset Velvet White paperaren gainean, Usoa Zumeta irakasle estanpatzailearen laguntzarekin.

JULEN AGIRRE (Azpeitia, 1984), Litografía

Julen Agirre, litografia

Litografia hezean inprimatzeko prozedura bat da, eta matrizea harri bat da. Koipearen eta uraren arteko uxapenean oinarritzen da. Harria, arkatzez edo tinta koipetsuz marrazten da. Bere gainean hezetasuna aplikatzen da, marraztu gabeko eremuetan bakarrik mantentzen dena. Zati koipetsuak eta hezeak finkatzeko prozesatze kimikoaren ondoren, tintaztatzeari ekiten zaio. Matrizea tinta koipetsua duen arrabol batekin tindatzen da, marraztutako eremuetan bakarrik itsasten da, eta hezeguneetan uxatzen da. Litografiarako prentsa espezifiko baten bidez transferitzen da tinta paperera.

Julen Agirreren proposamena aluminiozko xafla litografikoaren gainean egindako litografia da, 300 g-ko Somerset Velvet White paper gaineko arkatz koipetsuekin.
Plantxak eta estanpak La Tallerren egin dira.

Bisita gidatuak

  • Astearteak: 10:30 (cas) + 18:00 (eus)
  • Larunbatak: 10:30 (eus) + 18:00 (cas)

Bisita gidatuak doakoak dira, baina museorako sarrera eskuratu behar da. Bisitarako lekua aurrez erreserbatu behar da webgunearen bidez.

Egin erreserba

ERRALDOI GORRIA

Grabatuaren teknika egungo arte lengoaira egokitzearen beste adibide bat da Erraldoi gorria. Kartografia lainotsua instalazioa, Miriam Isasik sortua. Urgullen magalean erakusketaren areto batean dago ikusgai.

Jarduerak

Ikusi hemen jardueren inguruko xehetasunak.

Erakusketa dela eta, bestalde, museoak Civitates Orbis Terrarum-en jatorrizko irudiaren edizio mugatu baten estanpazioa eskatu dio La Tallerri, eta karpeta batean salduko dira.

Erakusketa honekin lotutako programazioko hitzaldi batzuk gure youtube kanalean ditugu ikusgai, zerrenda honetan:


WEBGUNEAREN TITULARRA:

Donostia, kulturaren hiria

Hizkuntza aukeratzeko menua

Menu osagarria:

San Telmo Museoa sare sozialean:

  • Facebook
  • Twitter
  • Instagram
  • ivoox
  • Youtube
  • Donostiako Udala

MENU NAGUSIA:


BILATZAILEA:


ORRI-OINA:

  • Donostiako Udala
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Ministerio de Cultura

NABIGAZIORAKO LANGUNTZAK: